URMAELAREN MUSIKA: EMOZIOAK ETA SENTIMENDUAK

Musikak emozio eta sentimenduak adierazteko eta sorrarazteko indarra dauka. Urmaeleko musikak zer sentiarazten dizu zuri?

Udaberri honetan Lehen Hezkuntzako ikasleek urmaeleko musikak gugan zer emozio sortzen dituen aztertzeko aukera izan dugu. Horretarako jarduera desberdinak burutu ditugu ikasgelan zein Olaldeko parkean dagoen urmaelean bertan.

Hasteko gelan audio bat entzun genuen eta gugan sortzen zituen emozio eta sentsazioak paperean idatzi genituen. Audioa urmaelean grabatutakoa zen arren, ikasleek ez genekien. Ondoren jarduera berdina burutu genuen Urmaelaren ondoan, oraingoan ere paperean jasoz gugan sentitu genituenak. Era honetan, musikak trasmititu eta sentiarazi dezakeena aztertu eta esperimentatzeaz gain, entzumena ez den beste zentzumenek ere duten indarra ikusi ahal izan genuen. Ez baita berdina urmaelaren musika urmaelean bertan edo ikasgelan entzutea.