Hezkuntza proiektua

Eskolaren inguruko irudia2022-2023 ikasturtean gure HEZKUNTZA PROIKETUA-ren dokumentua eguneratzen ari gara.

Hemen dagoena eguneratu gabeko HEZKUNTZA PROIEKTUAren dokumentua da.

1. ESKOLAREN INGURUAN

1.1. IKASTETXEAREN TESTUINGURUA

Lardizabal eskola, Goierriko eskualdean kokatzen da; Zaldibiako udalerrian, hain zuzen ere.

Lardizabal Herri Eskola, izaera publikoa eta laikoa duen ikastetxea da. Gaur egun, herrian dagoen bakarra bada ere, bere sorrera ikastola eta “ eskola nazionalen” bateratzean datza (elkartze hau era naturalean eman zen). Herrian errotua eta herritarrei begira sortutako eskola izanik, herriko hainbat erakunde, elkarte eta eragile sozialekin  harreman irekia eta gardena mantentzen du.

Eskola erakunde garrantzitsua da herriaren bizitza eta garapenean. Hala ulertzen dugu eskola komunitatetik,  hala nola herriko beste erakundeek ere.

Testuinguruan errotutako hezkuntza  lehenesten dugu; bizi garen eremu sozio- kulturala aintzakotzat hartzea nahitaezkoa baita ikaskuntza prozesua aurrera eramateko. Ikastea beraz integrazio  prozesu bat ere bada, komunitate soziokultural bateko ekimenetan parte izatearen aldetik.

Gure helburua pertsonaren garapen integralaren sustatzea da. Hizkuntzaren arloan, euskalduna, euskara eta euskal kultura sustatzen duena, hala nola, eleaniztasunaren garrantzia azpimarratzen duena.

Azken urteetan eskolatu diren ikasleei erreparatuz, herrialde eta kultura anitzak bilakatu dira gelak, bide horretatik kultur- artekotasuna, adiskidetasun eta bizikidetza ikaslearen osotasun horretako osagai ulertzen ditugu.

1.2. PRINTZIPIOAK ETA NORTASUN EZAUGARRIAK

Eskolaren xede nagusia, ikasleari egunerokotasunean moldatzeko lagungarri izango zaizkion ezagutza eta baliabideak eskaintzea dugu. Honela, gizakiaren dimentsio anitzak elkartzen edo biltzen dituen  ikuspegi ardatz hartuz, arlo afektiboa – emozionala (izaten ikastea) , intelektuala (ikasten ikastea), soziala e(elkarrekin bizitzen ikastea) eta praktikoa (egiten ikastea) sustatuko duen bidea lehenesten da. Aukera honen bilakaera bermatze aldera ondorengo helburu eta printzipioak aitortzen ditugu:

Printzipioak:

  • Pertsonaren garapen integralaren sustatzailea, hezkuntza emozionalean oinarritua.
  • Erantzulea. Nork bere ekintzen ondorioei buruzko ardura hartzeko gaitasuna duena.
  • Pertsonen arteko konpromisoa, adiskidetasuna eta elkartasun sustatzailea izango dena.
  • Euskalduna eta eleanitza. euskara eta euskal kultura sustatzen duena eta eleaniztasuna bere egiten duena.
  • Bizikidetza. Giza eskubideak eta bizikidetza demokratikoaren printzipioak erreferente dituena.
  • Hezkidea. Gizonen eta emakumeen arteko egiazko berdintasun eremua sustatzen duena.
  • Ingurunean errotua. Herritar izateko eta gizarteratze aktiborako prestatzen duena.
  • Plurala, akonfesionala, inklusiboa, errespetuan eta tolerantzian sustraitua. Giza duintasunaren balioa, funtsezko erreferente etiko gisa hartzen duena.
  • Irakasleen gaitasun profesionalaren aldeko apustua egiten duena, berrikuntza pedagogikoak oinarri hartuta.

Helburuak:

  • Gure ikasleak giza eskubideen, balio etikoen eta askatasunen errespetuan heztea, sexuaren, arrazaren edo erlijioaren araberako bazterketa-jokabideak ekiditeko.
  • Hezkuntza-komunitateko kide guztien artean euskararen erabilera sustatzea.
  • Herriarekiko, komunitatearekiko, inplikazioaren eta parte-hartzearen kultura lortzea, erantzukizunak banatzearen mesedetan.  
  • Ikasleen garapen emozionala bultzatzea, hazteko eta pertsona arteko harreman positiboak eraikitzeko trebetasunak landuta.
  • Irakasleen etengabeko formakuntza bultzatzea, berrikuntza pedagogikoak kontutan hartuz.

1.3. HEZKUNTZA ESKAINTZA

Lardizabal ikastetxean 2 etapa eskaintzen dira:

  • Haur Hezkuntza:  2 urtetik 5 urtetara
  • Lehen Hezkuntza: 6 urtetik 12 urtetara

Ikastetxearen ordutegia hau da:

  • Iraila eta ekainean: 9etatik 12:30ak arte Haur Hezkuntzan eta 9etatik 13ak arte Lehen Hezkuntzan
  • Ikasturtean zehar: 9etatik 12:30ak arte eta 14:15etatik 16:00tara.

Lardizabal D ereduko eskola izanik, euskara lehenesten da. Aldi berean, ikasleak eleaniztunak izatea bultzatu nahi da. Horregatik, euskaraz gain, 4 urterekin gaztelera lantzen hasten dira eta 5 urterekin ingelesa.

Ikasleak komunitateko kide aktibo eta parte hartzaile izan daitezen sustatzen da, irteeren eta erakunde eta agente kultural desberdinekin ematen diren harremanen bidez.

Jasangarritasunaren aldeko apustu egiten da, proiekto eta ekimen anitzak bultzatuz.

Zerbitzuei dagokienez, eskolak jangela eta garraioa eskaintzen ditu. Horrez gain, goizetan zaintza zerbitzua ere egoten da; Guraso Elkarteak kudeatuta.

Antolaketa eremuko irudia

2. ANTOLAKETA ESPARRUA

2.1. IKASTURTEAREN ANTOLAKETA

Ikastetxeak ikasturtearen antolaketa eta kudeatzeari dagokionean, prozesu horren nondik norakoa zehatzeko txosten eta dokumentu desberdinak osatzen ditu. Ikasturtearen bilakaera  antolatu eta egoki bideratzeko ahaleginean hiru une edo fase bereizten direlarik: plangintza, hausnarketa eta berrantolaketa.

-. Plangintza -  Ikastetxeko urteko plangintza (IUP).

Ikastetxeko jarduera antolatu eta kudeatze aldera, eskolak urtero Ikastetxeko Urteko Plangintza (IUP)  burutzen du. Bertan irakaskuntza jarduerak, prestakuntza jarduerak, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak zehazten dira; urteko kudeaketa programa, alegia.

-. Hausnarketa -  Urteko memoria:

Ikastetxeko urteko plangintza erreferentziatzat hartuz, aurreikusitako jardunaren betetze maila zein bilakaera deskribatzen duen txostena da memoria. Bertan jasotzen diren ondorioen bidez, hurrengo ikasturterako plana diseinatzeko hausnarketaren abiapuntu esanguratsua dela kontsideratzen da.

-. Berrantolaketa -  Hobekuntza plana:

Ikasturte berriaren aurrean lan jarduna berriro antolatu behar izaten da eta horretarako

aurrekoaren inguruko hausnarketak aintzat hartuz, zer hobetu, zer aurreratu … erabakitzeko unea egokitzen da. Honela, eskolak, ondorioak aztertu eta ikasturte berrirako hobekuntza batzuk proposatzen ditu, eta hauek “Hobekuntza Planean” jasotzen dira.

Aurreko hiru dokumentuak osatu ahal izateko, erreferentzi eta ardatz bezala honako hauek erabiltzen dira:

  • Ikastetxearen Curriculum Proiektua (ICP)
  • Antolakuntza eta Jarduera Araudia (AJA)
  • Hizkuntza Proiektua
  • Aniztasunari erantzuteko plana
  • Tutoretza plana
  • Bizikidetza plana
  • Hezkidetza eta genero-indarkeriari aurre egiteko plana
  • Ikastetxearen prestakuntza plana.

Eskolako prozesuak dinamikoak diren neurrian eta komunitatearen izaera ere aldakorra den heinean, dokumentu guzti hauek etengabe berrikusi eta egokitzen dira.

2.2. Hezkuntza komunitatea: organo, kide eta funtzionamendua.

Eskola, hezkuntza komunitate konplexu eta dinamikoa den aldetik, erakunde antolatu bat da eta bere egituraketak garrantzi handia dauka dagozkion zereginak eta helburuak betetzerako garaian.

Ikastetxearen antolaketa eredua araudiak zehazten du hein handi batean. Partaidetza organo desberdinak daude eta hauek arduratzen dira eskolako funtzionamendua erregulatzeaz eta kudeatzeaz. Aldi berean, eskolako egitura zehazten duen organigramak eskolako estamentu guztien arteko harremanak ahalbidetzen ditu.

Lardizabal eskolako estamentuak lau dira: familiak, irakasleak, ikasleak eta udal ordezkariak. Hauek antolakuntza eta hezkuntza praktikan parte hartzen dute ikastetxeko batzorde eta foro desberdinen bitartez. Kideen elkarlana eta koordinazioa gauzatzeko batzorde desberdinak antolatu dira:

-. Irakasleez osatuak :

  • Zuzendaritza taldea: Talde hau zuzendariak, ikasketa buruak eta idazkariak osatzen dute.
  • Klaustroa: Aginte organoetako bat izateaz gain, irakasleen berezko parte hartze organoa da.
  • Batzorde – Pedagogikoa: Ikasketa buru eta zikloko koordinatzailez osatutako taldea da.
  • Ziklo koordinazioa: ziklo berdineko irakasleen elkarlana errazteko taldea da.
  • Ziklo bilera: zikloko koordinatzaileak eta ziklo horretako irakasleek osatutako taldea da.

-. Familiako ordezkariek soilik osatuak:

  • Guraso Elkartea.

-. Estamentu desberdinetako partaideez osatuak:

  • Eskola Kontseilua : irakasleak, gurasoak, eskolako langile eta udaleko ordezkariek osatzen dute.
  • Batzorde Iraunkorra: Zuzendaritzak taldeak, Guraso Elkarteko bi kidek eta udaletxeko ordezkariak osatzen dute.
  • Behatokia: irakasleek, ikasleek eta gurasoek osatzen dute.
  • Batzorde ekonomikoa: Zuzendaritza taldea eta Guraso elkarteko kide batek osatzen dute.
  • Jangela Batzordea eta Garraio Batzordea: arduradunak, zuzendaria eta Guraso elkarteko kideek osatzen dute.

Bestalde, eskolak zenbait kanpo-zerbitzuekin ere harremanak ditu eta beraiekin koordinatzen da besteak beste: Udala, Ikuskaritza, Hezkuntza saila, Berritzegunea, Beasaingo Osasun Mentala, Zaldibiako Gizarte laguntzailea, Gautena, Aspace, DBH Ikastetxeak ….

Jarraian, eskolako partaidetza eredua islatzen duen organigrama ikusi daiteke:

Curriculuma aztertu irudia

3. CURRICULUMAREN ESPARRUA

3.1.Heziketa eta curriculuma

Gaur egungo gizarteak planteatzen dituen erronkei aurre egiteko, gure hezkuntza sistema garai berrietara egokitu behar izan da. Hezkuntzak ezagutzen transmisio hutsetik haratago joan eta bizitzarako hezi behar duela aldarrikatzen da, eta eskaera horri erantzuteko, konpetentzien araberako ikuspegia sortu da. Heziberri 2020 planak norabide hori jarraitzen du eta edukiak jakitetik haratago, pixkanaka ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak ezagutzen aplikaziora bideratzen hasi dira. Jakintza (ezagutzak), egiten jakitea (prozedura eta trebetasunak) eta izatea (jarrerak, balioak) integratuz, eguneroko egoerei aurre egiteko konpetentzietan trebatzeko erronka gureganatu eta horretan trebatzen hasi gara.

3.2.Metodologia

Printzipio metodologikoak, ikastetxeko hezkuntza prozesuen eta jardun pedagogikoaren nondik norakoa zehazten duten ildoak dira. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen norabidea gidatzen duten aldetik eskolako prozesu didaktikoen oinarri bezala ulertzen ditugu.  Oinarri hauek elkarren artean osagarri dira eta beraien arteko harremanek ikasgeletako ikaskuntza anitza eta esanguratsua ahalbidetzen dute. Gurean ondorengoak azpimarratzen ditugu:

1-. Pertsonaren garapen integrala balioestea: Ikaslea bere osotasunean hezteak, ezagutza, emozio eta harremanei erreparatzea eskatzen du.

2-. Norbanakoaren berezitasunari erreparatzea: Talde mailako ekintzez gain, ikaslearen beharrei erantzungo dien arreta eta jardun zehatzak bideratuko dira.

3-. Ikaslearen adierazpen eta sormen gaitasunen garapena: Ikasleei lan eta ekintza irekien proposamenaren bitartez, sortzeko, asmatzeko eta adierazteko gaitasunaren garapena sustatzen da. Pentsamendu dibergentea, ezberdintasuna, originaltasuna eta irudimenaren lanketa baloratzen dira.

4-. Onespen eta lankidetza giroa indartzea eta balioestea: Giza harremanen bilakaera egokiak ikaslearen garapen sozial, emozional eta kognitiboaren bultzada esanguratsua ahalbidetzen du.

5-. Ikaskuntza esanguratsua sustatzea: Ikasketa berriak eskuratzeko asmoz, aurreko esperientzia eta ezagutza berrien arteko erlazioak bideratzen dira; hau da, ikasten ikastea bihurtzen da helburu.

6-.  Ikaslea, ikaskuntza prozesuaren solaskide aktibo ulertzea: Ikaslearen inplikazio, hausnarketa, saiakera eta interesa ere ezinbestekotzat hartzen dira; hots, jardun pedagogikoa dinamikoa izan behar da.       

7-. Jardun pedagogiko eta metodologiko desberdinen aitortza eta erabilera:

Konpetentzien araberako hezkuntza ereduak irakaskuntza-ikaskuntza prozesua kudeatzeko ikuspegi zabalagoa proposatzen duen aldetik, ikaskuntza funtzional eta esanguratsuen bidea lantzea suposatzen du. Arlo ezberdinetako ezagutzak elkar harremanean lantzeak, ez du ezagutzaren garrantzia gutxiesten; adierazpen, prozedura eta jarrerak jokoan jartzeko bidea baita.

8-. Ingurune sozio- kulturalaren eragina eta parte hartzea: Ikaslearen garapena testuinguru zehatzetan ematen da, eta eremu hauetan burutzen diren harreman hauek ezinbesteko dira gizakiaren garapenean. Eremu bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta ikasketa desberdinak sustatzen ditu: hurbileko eremutik hasi (etxea, gela) eta giza egituretatik (familia, eskola … ), arlo sozialeraino (kultura … ).

3.3.Ebaluaketa

Informazioa etengabe eta modu sistematikoan jasotzea eta aztertzea oinarritzat duen prozesua da ebaluazioa. Prozesu konplexua da eta elementu guziak hartzen ditu aintzat (irakasle, ikaslea, materialak, ikastetxea, metodologia, baliabideak, curriculuma … ). I

Ebaluazioak, hobekuntzarako bide izatekotan, jardun koherente bilakatuko duten printzipio batzuk aintzat hartuko ditu. Izan ere ebaluazioa prozesu bezala ulertzen dugu, ikastetxeko funtzionamenduaren berri eman eta hobetzen laguntzen duen praktika bezala.

Eskolan, hezkuntza erakunde bezala ulertuz, ebaluazioari dagokionean bi eremu nagusi identifikatzen ditugu: Antolaketa eta funtzionamenduaren eremua eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen eremua. Bi esparruetan aurreikuspenen nondik norakoa deskribatzeak eta baloratzeak jardunaren egokitasuna bermatzen lagunduko digu.

Ikastetxeko ebaluazio prozesuak ondorengo hastapenei erreparatzen die:

1 -. Integrala: Ebaluazioa hezkuntza prozesuaren oinarrizko osagai bat gehiago den aldetik, beste elementuekin koherentzia izango du. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak, ikastetxearen antolaketa eta kudeaketa arloa, beste erakunde eta taldeekiko harremanak … kontutan hartzen dira beraz.

2 -. Hezigarria: ikaskuntzen ebaluazioak irakaskuntza bideratzeko aukera eskainiko du.

Ikasleari dagokionean, prozesuan aurrera egin ahala unean uneko premietara egokitu eta ikaskuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren zuzenketak egiteko aukera sustatuko da, adierazitako helburu eta konpetentziak eskuratze aldera.

3 -. Etengabea: jardun pedagogikoa etengabe erregistratu, hausnartu eta baloratzea eskatzen du. Horretarako hasiera egoera identifikatu (ebaluazio diagnostikoa), unean uneko lorpen eta premietara egokitu (ebaluazio jarraitua) eta helburuak eskuratu diren baloratzea (ebaluazio batutzailea ) ezinbestekotzat jotzen da.

4-. Bereizgarria: Ondorio egokia eskuratzeko informazioa lortzen lagunduko duten  tresnak askotarikoak izango dira, baloratu nahi den horren araberakoa.

5-. Parte-hartzailea: ikaslearen heziketa prozesuan parte hartzen duten pertsona orok parte hartuko du ebaluazioan.

3.4.Tutoretza eta orientabidea

Tutoretza Plana ikastetxearen heziketa – proiektuaren barruan, ikasleen eskolatzean zehar orientazio eta jarraipen ekintza guztiak antolatzeko egitura da. Plan honen helburua, ikasle guztiek oinarrizko gaitasunak lortzean datza.

Tutoretza saioen bilakaeran anitza izan badaiteke ere, orokorrean hiru ardatz nagusik antolatzen dute:

  • Garapen pertsonala: nortasuna, adimen emozionala, auto.-estimua .

  • Besteekiko harremanak: harremanen kudeaketa, gaitasun sozialak …

  • Ikasketa prozesuak: ikasten ikastea; plangintza, informazioaren kudeaketa- egituratu, eraldatu, erabili …

Tutoretza planaren garapena tutoreari dagokio eta irakasle-taldearekin elkarlanean eta ikasleengan eragina duten beste eragile batzuekin koordinatuta burutzen da. Horretarako irakasle, familia eta ikasleekin harremanetan lan egingo du ondorengo helburuak burutzeko:

IKASLEEKIN:

  • Taldean eta ikastetxean integratzea, lankidetzan trebatzea, elkarren arteko laguntza eta besteekiko errespetua sustatzea.

  • Ikasketa prozesua jarraitzea eta, behar izanez gero, laguntza bideratzea.

  • Une erabakigarrietan aholku ematea.

  • Taldeko ordezkariarekin lankidetzan ikasleen eskaerak, kezkak eta iradokizunak bideratzea.

IRAKASLEEKIN:

  • Irakasleei buruzko informazioa partekatzea, zailtasunak aurreikustea.

  • Ikasleen beharrak aztertu eta erantzunak proposatzea.

  • Ikasleen jarraipena egin eta ebaluazioa koordinatzea.

FAMILIEKIN:

  • Ikastetxearen eta etaparen informazioa ematea.

  • Haiengandik informazioa jasotzea.

  • Ikaslearen hezkuntza prozesuaren berri ematea, eta elkarrekin lan egitea.

  • Une erabakigarrietan aholku ematea.

  • Etengabeko harremanetan egotea.