Tertulia dialogikoak

Testu baten inguruan bildu eta iritziak konpartitu. Hain sinple, hain erraz, eta era berean hain eraginkor!

Tertulia dialogikoetan elkartzen direnek, izan ikasleak, irakasleak, senideak... aurrez erabakitako testua irakurri dute eta testu horrek iradokitzen diena elkar-banatzeko batzen dira. Komunikazio horrek ahalbidetzen du jorratutako gaiaren ulermena, nork berea azaltzeko egindako ahaleginetatik eta besteen ekarpena aditzeko interesetik abiatuta. Benetako interesa sortarazten baitute testu beraren gainean emandako iritzi eta iradokizun desberdinek.

Partehartzaileen asmoen araberako tertuliak egin daitezke: literarioak, pedagogikoak, curriculumeko irakasgaietakoak... 

Gure ikastetxean momentuz Literatur tertuliak egingo ditugu eta horren ingurukoa formazio jasotzen ari gara. 2019-2020 ikasturtean Miguel Lozarekin  aritu ginen eta hortik aurrera jarduera hau egiten duten beste eskola batzuekin.

Tertuliako partaidearen betebeharrak honakoak dira:

  • Aldez aurretik esandako testua irakurtzea.

  • Testu horretan pasarteren bat aukeratzea tertulian konpartitzeko.

  • Tertulian, aukeratutako pasartea boz gora irakurtzea.

  • Aukeraketaren arrazoiak azaltzea.

Jarraitzen den prozedura sinplea da: Testuari buruzko iritzi orokorra ematen hasten da saioa, gustukoa izan den adibidez. Testuari jarraituz partaideek txandak eskatzen doaz eurek aukeratutako zatiak irakurtzeko eta komentatzeko. Elkarrizketa sortzen da baina ez dago derrigortasunik adostasunetara heltzeko, era horretan askatasun osoz aipa daiteke nahi dena. Moderatzaileak txandak banatzen ditu, denbora kontrolatzen du, eta ahalegintzen da testu osorik komentatzeko aukera ematen.

Irakurketa ezagutzak eraikitzeko bide eraginkorra da, eta konpartitzen denean bere ahalmena biderkatzen da.