Hizkuntza plana

1.- IKASTETXEAREN HELBURU OROKORRAK

1.1 Sarrera

Hizkuntzak betidanik izan du garrantzi handia Lardizabal Eskolan. Izan ere, euskaraz irakasteaz gain, euskara irakastea eta bultzatzea izan da gure helburu nagusietako bat.  Are gehiago, testuinguru eleanitz, kultur anitz eta globalizatu batean bizi garen honetan. Hau ikusirik, beharrezkoa da gure lana eta gure harremanak gidatuko dituen hizkuntza proiektu bat izatea, hizkuntza bakoitzaren helburuak eta erabilpen esparruak zehazten lagunduko diguna.

Lardizabalek formazio euskalduna eman nahi die ikasleei, euskara ongi menderatuz, eta euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta indartzearekin konpromisoa hartuz. Eskolak, Hezkuntzaren eta Hizkuntz Proiektuaren ardatza euskara duela, pertsona eleaniztunak hezi nahi ditu; euskaraz gain, gaztelanian eta ingelesean eraginkortasunez komunikatzeko gai diren ikasleak prestatuz.

Lardizabal Eskolan hezitako ikasleek  haien heziketa-prozesuaren bukaeran hizkuntza maila jakin bat menperatzea lortu nahi da. Oinarrizko Hezkuntzaren bukaeran, Europako Erreferentzia Markoa ardatz hartuta, hezkuntza sistemak ezartzen du hizkuntzekiko lortu beharreko gutxienezko maila. Euskaraz eta gaztelaniaz B2 eta ingelesez A2, hain zuzen ere.

Hizkuntzen lorpen-mailak (Europako Erreferentzia Markoa)

1.2.Ikastetxeko hizkuntza helburuak

1. Ikasle eleanitzak formatzea. Horretarako, Europako Erreferentzi Markoaren arabera, hizkuntza bakoitzari dagokion maila lortzea: euskaraz eta gaztelaniaz B2 eta ingelesez A2.

2. Eskola komunitateko bizitza eta harremanak euskaraz izan daitezen sustatzea.

3. Euskaldunak ez diren familiak euskal kulturara erakartzea.

 

2.- ESPARRU INSTITUZIONALA ETA HIZKUNTZAREN ERABILERA

2.1. Eskola Kontseilua

“Eskola Kontseiluko kideak eta hizkuntza”

Eskola kontseilua zuzendaritza taldeak, irakasle ordezkariek, udaletxeko ordezkariak eta eskolako langile ez irakasle batek osatzen dute. Eskola kontseiluko partaideen gehiengoa elebiduna izaten da, maiz %100a. Hori dela eta, Eskola Kontseiluko bilera eta komunikazioa euskaraz ematen da.

 “Euskararen presentzia Eskola Kontseiluaren bileretan”

Esan bezala, eskola kontseiluak euskaraz bideratzen dira. Behar denean gaztelaniaz laburpenak egiten dira, edo partaideren batek behar badu gaztelaniaz hartzen du hitza. Hala ere, euskaraz ospatzen dira eskola kontseiluak, eta noizbehinka gaztelaniak presentzia minimoa izaten du.

“Sortzen diren dokumentuak”

Eskolako dokumentu guztiak euskaraz jasotzen dira. Salbuespen bakarra akta eta deialdia dira: guraso ez euskaldunei deialdia eta akta euskaraz eta gaztelaniaz zuzentzen zaie.

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Eskolan elkarbizitzako hizkuntza euskara denez, eta gure antolaketarekin ondo moldatzen garenez, horrela jarraitzea dugu helburu.

2.2. Funtzionamendu organoak: zuzendaritza, klaustroa, irakasle bilerak...

“Funtzionamendu organoetako kideak eta hizkuntza”

Irakasleen arteko bilera eta foroetan euskara da erabiltzen den hizkuntza. Gurasoak parte hartzen duten organoen kasuetan (batzorde iraunkorra, ekonomikoa, elkarbizitza batzordea…) gerta daiteke noizbehinka partaideren bat euskalduna ez izatea. Hala gertatzen denean, euskaraz esandakoaren laburpena egiten zaio behar badu.

 “Sortzen diren dokumentuak”

Lardizabal Herri Eskolan sortzen den dokumentazio eta material guztia euskaraz jasotzen da.

“Hizkuntzaren kalitatea”

Hizkuntzaren kalitatea zaintze aldera, eskolan sortzen diren idatziak partaide guztien eskuetan uzten dira zuzenketak egin ditzaten. Dokumentu eta material idatziak errebisatu, zuzenketak proposatu, eta bertsio berriak berridazten dira hobekuntza lortzearren.

 

2.3. Guraso Elkartea eta gurasoekiko harremanak

“Guraso Elkarteak bidaltzen dituen idatziak”

Gurasoen Elkarteak ikastetxera eta kanpora bidaltzen dituen idatziak euskaraz izaten dira.

 

 “Gurasoei  bidaltzen zaizkien  idatziak”

Eskolaren kasuan, euskaraz dakiten gurasoei euskaraz bidaltzen zaizkie idatziak, eta ez dakitenei elebidunez.

“Gurasoen bileretan erabiltzen den hizkuntza”

Gurasoen bilerak euskaraz antolatzen ditugu, eta bilera hauetan lagungarri izaten da bi hizkuntzetan idatzia dagoen Power Pointa (euskaraz labur, et gaztelaniaz osatuago).

Euskaraz ez dakiten gurasoei aurkezpena idatziz ematen zaie.

Gurasoek parte hartzean, hitza hartu duenaren hizkuntzan erantzuten zaio, eta norbaitek itzulpena behar badu momentuan egiten du irakasleak edo beste gurasoren batek.

“Ikasle eta gurasoentzat antolatzen diren ekintzak”

Ikasle eta gurasoentzat antolatzen diren ekintzak euskaraz bideratzen dira %100ean. Hala ere, ekitaldietako abesti eta dantzetan beste edozein hizkuntzetako kantak erabil daitezke. Honela, gaztelaniaz edo ingelesez ikasitako kanten emanaldia ere egon daiteke. Urtean bitan argitaratzen den aldizkariari dagokionez, 3 hizkuntzek dute presentzia. Hala ere, euskararen nagusitasuna azpimarratu nahi da eta horregatik, euskaraz idazten diren testu kopurua handiagoa da.

 “Gurasoekiko harremanak”

Gurasoekiko harremana, ahal den neurrian, euskaraz egiten da. Euskaraz ez dakitenekin gaztelaniaz aritzen gara.

“Gurasoekiko harremanetarako zailtasunak eta konponbideak”

Etorkinen artean, zenbaitetan, zailtasunak ditugu gaztelaniaz ere komunikatzeko. Horrelakoetan itzultzailea lortzen saiatzen gara (profesionala ez bada ere, familia artekoren bat, laguna…) 

2.4. Baliabideak

“Ikastetxeko baliabideak hautatzeko irizpideak”

Ikastetxeko material didaktiko orokorra (liburutegia, laborategia…), eta ikastetxean erabiltzen diren gainontzeko baliabideak hautatzeko irizpideetariko  garrantzitsua da hizkuntza. Baliabidea euskara, gaztelania edo ingelesa lantzeko bada, noski, hizkuntza horretan sortutako materiala aukeratzen dugu. Baliabidearen hizkuntzak ez badu eragiten bere erabilgarritasunean, beste irizpide batzuk hartzen ditugu kontuan, normalean didaktikoak; eta ahal dela euskarako bertsioan.

“Ikasgeletarako baliabideak hautatzeko irizpideak”

Ikasgeletan arlo guztietan erabiltzen den material didaktikoa eta gainontzeko baliabideak hautatzeko, ikastetxeko materiala aukeratzen dugunean bezala jokatzen dugu

“Beste hizkuntzetan sortutako material didaktikoak”

Testu liburuez gain ikasleek eskuragarri dute irakasleek beste hizkuntzetan sortutako material didaktikoak, hala nola: hiztegiak, ipuinak, DVDak… (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez...) Baina batez ere internetek ematen dizkigun aukerak, bertan edozein hizkuntzetan topatzen baititugu informazio eta jolasak.

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Gure eskolako hizkuntza mapa azken urteotan aldatzen ari dela nabarmena da. Orain urte gutxi euskara zen hizkuntza nagusia, eta beste hizkuntzak ez ziren apenas entzuten gure eskolan. Gaur egun, etorkinak ugaritzen ari dira, eta hizkuntza desberdinak entzuten ditugu eskolan lantzen direnez gain. Etorkin hauei gerturatzeko, laguntzeko, eta beraiengandik ikasteko ere, internet dugu baliabide nagusietariko bat, bertan topatzen baititugu itzultzaile eta hiztegi ugari. Teknologia digitaletan etengabe eguneratuz aritzeko beharra ikusten dugu.

2.5. Hizkuntza Paisaia

“Hizkuntzen presentzia”

Euskara nagusitzen da pasabideetan, geletan eta kanpoaldean, baina hala ere, etorkinak ugaritzen doazen heinean, beste hizkuntza batzuen presentzia areagotzen ari da azken urteotan.

“Hizkuntza agerrarazteko irizpideak”

Euskarak atzera pausoak egin ez ditzan erne mantentzeko beharra ikusten dugu guraso eta irakasleok. Gaia mahai gainean maiz jartzen dugu, eta ekintza desberdinak proposatu eta betetzen ditugu.

“Hizkuntza desberdinen lekua eskolan: irakasten direnak eta etorkinenak”

Ikasten diren hiru hizkuntzek dute bere lekua eskolan. Gaztelania eta ingelesaren lekua mugatua da, momentu eta leku jakinak dituzte, gure harremanak euskaraz izan daitezen lan egiten dugu.

Bestalde, ikasle etorkinen hizkuntzen lekua, beraien geletara eta HIPI gelara mugatzen da. Ikasle etorkinen harrera egiten dugunean, beraien jatorriari buruzko informazioa, kultura eta hizkuntza jasotzen dira gelan, taldekideekin. Era berean, gure hizkuntza ikasi bitartean, duten komunikazio beharrari, eta guk eman beharreko harrerari erantzunez, beraien hizkuntzetan aritzea onartzen eta baloratzen dugu.

2.6. Gelaz kanpoko esparrua

“Gelaz kanpo erabiltzen diren hizkuntzak”

Euskara nagusitzen da jolastokian, jangelan eta eskolaz kanpoko ekintzetan, baina hala ere, beste hizkuntza batzuen presentzia areagotzen ari da azken urteotan.

“Kanpo harremanak”

Kanpo harremanetarako Euskara erabiltzen du ikastetxeak ahal den guztietan. Harremanetan daukagun hori euskalduna ezpada, gaztelania erabiltzen da, baina inoiz ez euskaraz aritzeko aukera dagoenean.

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Ikasleei dagokienez, euskara  ez den hizkuntzan ari direnean euskaraz aritzea bultzatuko ditugu ereduak emanez.

Honez gain, euskararen erabilera sustatzeko ekintzak burutuko dira ikasturtean zehar (euskararen eguna, patioko jolasak...)

Bestalde, familiei dagokienez, euskal zaletasuna bultzatzeko ekintzak antolatuko dira, hitzaldiak besteak beste.

  1. Hizkuntzen esparru didaktiko - metodologikoa

3.1.  Ikasleak taldekatzeko irizpideak

“Taldekatze irizpideak”

Gure eskola lerro bakarrekoa da. Gure ikasle eta irakasle kopuruak ez du taldekatzeak egiteko momentuan aukera handirik eskaintzen.

Ikasleak taldekatzeko hartzen den lehenengo ezaugarria adina da. Adin berekoak gela bat osatzen dute.

Euskara ezagutzen ez duten ikasleekin, eta hezkuntza premia bereziko haurrekin, kasuan kasuko hausnarketa egiten da, eta haurraren hobe beharrez bere adinekoekin, edo maila bat beherago txertatzen dugu taldekatzean.

“Ama hizkuntza”

Ama hizkuntza kontuan hartzen dugu haurraren beharrak aztertzerakoan, baina ez da  taldekatzean erabakitzaile izaten.

“Sisteman sartzen diren ikasle berriak eta Harrera Plana”

Sisteman sartzen diren ikasle berriei dagokienez, badago ikastetxean haiei zuzendutako Harrera Plana (Ikus DK0201HA01). Hizkuntzaren trataera dokumentu horretako atal garrantzitsu bat da eta bertan ematen diren irizpideak ezagutzea ezinbestekoa da.

 “Indartze neurriak hartzeko, hizkuntza irizpideak”

Ikasgela barruan, ikaslearen ulermen eta adierazpen gaitasunak hartzen dira kontutan indartze neurriak hartzeko. Bi eremuak dira derrigorrezkoak haurraren garapenerako. Alde batetik: irakasle, taldekide eta irakurgaiek emandako mezuak ulertzeko gai izatea, eta bestetik: ahoz nahiz idatziz ondorioak adierazteko gai izatea.

Indartze neurriak emateko garaian, laguntza taldeak eta gelako irakasleek erabakitzen dute nola bideratu, eta zein profesionalek hartuko duten parte (tutoreak, logopedak, hipiak...)

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Ikasleren batek hizkuntza mailan zailtasunak dituela sumatzen badugu, laguntza taldearen aholkuak edota interbentzioa aurreikusten da egoera hori hobetzeko.

3.2. Hizkuntza bakoitzaren orduak eta arloak

“Hizkuntza bakoitzari ematen zaizkion ordu kopurua”

Hizkuntza bakoitzari eskaintzen zaizkion orduak honela banatzen dira gelaka:

 

 

EUSKARA

GAZTELANIA

INGELESA

HH2 eta HH3

Euskaraz beti

-

-

HH4

Gainerakoa euskaraz

1 ordu

-

HH5

Gainerakoa euskaraz

1 ordu

1h 45 min – 2h

LH1

5 ordu

3ordu 45 min.

2 ordu

LH2

4 ordu 30 min

4 ordu

2 ordu

LH3

4 ordu

4 ordu

3 ordu

LH4

4 ordu

4 ordu

3 ordu

LH5

4 ordu

3 ordu 45 min

3 ordu

LH6

4 ordu

3 ordu 45 min

3 ordu

 

“Ordu banaketa eta hizkuntza helburuak”

Ordu banaketa eta antolaketa hori curriculum proiektuan markatutako hizkuntza helburuak lortzeko, noski, ez dira nahikoak.

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Egoera hori hobetzeko, hau da, helburuak lortu ahal izateko, eskolaz kanpoko jardueretan hizkuntzaren erabilpena eta sakontzea bideratzen dugu. Alde batetik etxerako lanekin (irakurketa, bikoteka irakurtzen..) eta bestetik kirol taldeetan eta ekintza kulturaletan parte hartuz, telebista hizkuntza desberdinetan ikusiz...

3.3. Hezkuntza premia bereziko ikasleak

“Hezkuntza bereziko ikasleak eta hizkuntza”

Hezkuntza premia bereziko ikasleek, beharren arabera, laguntza mota desberdinak jasotzen dituzte. Lehenik eta behin, haurraren beharrak aztertzen ditugu, eta ondoren, curriculuma egokitzen dugu.

Hizkuntzari dagokionez, komunikazioa lehenesten da. Haurrari komunikazio erreminta hobetzen lagundu behar diogu, eta gaitasunen arabera helburuak markatuko ditugu, eskolan irakasten diren hiru hizkuntzetan.  

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Egoera hori hobetzeko, gelako irakasle taldea (GIT) eta laguntza taldearen arteko elkarlana aurreikusten da. Horretarako, beharren arabera, ikasturtean zehar bilerak antolatzen dira.

3.4. Irakurketa-idazketa

 “Zein hizkuntzatan egiten den prozesua”

Zaldibian, haurrak 2 edo 3 urterekin eskolatzen dira normalean, eta euskara da gure harremanetarako hizkuntza. Beraz, Haur eta Lehen Hezkuntzan, irakurketa eta idazketa prozesua euskaraz lantzen da.

Gerta daiteke haurren baten ama hizkuntza euskara ez den beste bat izanik, irakurketa eta idazketa prozesua euskaraz lantzeko zailtasunak izatea. Kasu hauetan haurrari egokitzen zaio lan metodoa.

“Erabiltzen den metodologia”

Metodoari buruz, esan behar, lehenengo baldintza haurraren garapena errespetatzea dela. Haur bakoitzak bere erritmoa du, eta nahiz eta irakurketa eta idazketa 2 urtetatik lantzen hasi, haur bakoitzak erritmo desberdina eramango du, eta hori ez da arazo bilakatuko.

Helburu  nagusia komunikazio konpetentzia garatzea da; beti ere, hizkuntza gaitasun desberdinak, ahozkoak zein idatzizkoak, modu integratu eta sistematikoan landuz.

Haur hezkuntzan modu eraikitzailean egiten dugu lan. Haurra bere izena irakurri eta idaztetik abiatuko da, eta gai ezberdinetako hiztegia irakurri eta idaztera iritsiko da. Hitzak ezagutzetik, hizkietara pasako da poliki-poliki, eta lehenengo zikloaren mugan, irakurketa idazketa teknika jasotzen joango da.

Lehenengo zikloan irakurketa-idazketaren alderdi mekanikoa jasoko du haurrak, eta ulermenean trebatzeko lanketa egiten bada ere, ez da zikloko helburu izango. Bigarren zikloan sakonduko eta ebaluatuko dira ulermenerako estrategiak.

Hirugarren zikloan adierazpenean eta ulermenean trebatzeko lanketarekin jarraitzen da, eten gabe. Hauekin batera:  ikas teknikak, ortografia, gramatika… 2. zikloan hasitako lanketarekin eta material mota berdinarekin jarraitzen dute, eta trebatuak daude.

“Erabiltzen den materiala”

Haur hezkuntzan, gelakideen izenekin, eta egunero landuko diren errutinekin sortutako hiztegia izango da oinarrizko materiala. Honi, URTXINTXA metodoko materiala gehituko zaio. Gainera, HH5 gelan ingelesa lantzen hasten dira eta Eusko Jaurlaritzako Dip, Dip, Dip proiektua erabiltzen da. Horrez gain, bestelako ipuin, abesti, jolas eta baliabide digitalekin osatzen dira unitate didaktikoak.

Lehen hezkuntzako lehenengo zikloan, Euskarari dagokionez, TXANELAKO liburu eta lan koadernoak erabiltzen dira irakurketa eta idazketa mekanika eta estrategiak bereganatzen joateko. Gazteleran, Barcanova-ko (Proyecto Ninois) testuliburua erabiltzen da oinarri bezala.  Ingelesari dagokionez, INEBI proiektuko gaiak jorratzen dira, eta bestelako iturrietatik jasotako materialarekin osatzen da; beti ere, ahozko adierazpen eta entzumenari garrantzia emanez.

Lehen hezkuntzako bigarren zikloan TXANELAKO liburu eta lan koadernoak erabiltzen dira euskara nahiz gaztelera lantzeko. Horrez gain, irakurketa eraginkorra lantzeko Bruño argitaletxeko materiala erabiltzen da.  Bikoteka irakurtzen lan dinamika ere garatzen da, 3.mailan gazteleraz eta 4.mailan euskaraz egiten delarik. Ingeleseko saioetan Quest (Macmillan) liburuko metodologia jarraitzen da. Bertan, hizkuntza gaitasunen lanketa intentsiboa egiten da eta idatzizko hizkuntzak pisua hartzen du. Dena den, ahozko adierazpena komunikazioaren ardatz moduan  hartzen denez, liburuko materiala, ahozkotasuna lantzeko abesti, olerki, antzerki eta ipuinekin osatuko da.

Hirugarren zikloan, aurrekoetako metodologiari jarraipena emanez, TXANELAKO liburu eta lan koadernoak erabiltzen dira euskara nahiz gaztelera lantzeko. Gainera, irakurketa eraginkorra lantzeko,  BRUÑO argitaletxeko materiala erabiltzen da. Ingeleseko saioetan, Quest (Macmillan) liburuko metodologia aplikatuko da. Aurreko zikloan aipatutakoaz aparte, baliabide digitalek garrantzi handia izango dute edukiak lantzeko eta adierazpen pertsonalerako. Horregatik, gelan modu sistematikoan erabiliko dira, tresna desberdinekin esperimentatuz eta ekoizpenak ingeleseko blogean zintzilikatuz.

“Prozesuaren ebaluazioa”

Irakurketa-idazketa prozesuaren ebaluazioa, haurra eskolatzen den momentuan hasten da. Etengabeko ebaluazioa ematen da 2 urtekoen gelatik hasita, honek ahalbidetzen baitu haurraren eta taldearen curriculumaren egokitzapena.

 Ikas maila gora doan neurrian, froga eta lan idatzien garrantzia areagotzen joaten da. Arestian aipaturiko materialek,  beraiek, ematen digute haurrak irakurketa-idazketa prozesua nola daraman aztertzeko informazioa.  Erreminta hauez gain, irakasleok sorturiko lan eta frogak ere erabiltzen ditugu prozesuaren egokitasuna ziurtatzeko, eta horrela ez denean, neurri zuzentzaileak ezartzeko.

“Irakurketa plana”

Ikastetxeko irakurketa plana programazioetan txertatuta geratzen da. Hizkuntzen ataletan jasotzen dira irakurketa eta idazketarako helburu, jarduera, ebaluazio, metodologia eta  baliabideak.

“Testu motak”

Ikasleek testu-mota guztiak dituzte eskura irakurketa-idazketa prozesu honetan. Horrela, guztiak ezagutu eta sortzeko aukera izango dute Lardizabal eskolan ematen dituzten urteetan. Testuen sortzea etengabea da, erabiltzen dugun materialak horrela eskatzen baitu. Gainera, hauen publikazioa egiten dugu urtean bitan, eskolako aldizkaria etxe guztietara zabaltzen dugunean, eta eskolako blogetan edozein momentutan.

“Egoera hori hobetzeko aurreikuspenak”

Testu mota desberdinek  Lardizabal Aldizkarian lekua izan dezaten, aldizkariko testuen banaketa ikasturte hasieran errebisatzen dugu, eta gela bakoitzaren lana zehazten dugu. Horrekin batera eskolak euskara sustatzeko duen konpromisoa aintzat hartuz, euskaraz idatzitako testuek izango dute leku handiena.

Gainera, ebaluazioaren etekina memorian jasotzen dugu, beharra ikusten bada, Hobekuntza Planean eta Urteko Planean txertatzeko.

 

  1. 3.5 Hizkuntza beste arloetan

“Hizkuntzaren garrantzia beste arloetan”

Hizkuntzakoak ez diren arloetan hizkuntzei eta trebeziei (ahozko adierazpena, ahozko ulermena, elkarreragina, adierazpen idatzia eta idatziaren ulermena)   garrantzia handia ematen zaie.  Edozein arloren lanketak, ahozko nahiz idatzizko komunikazioa eskatzen du, eta berdin, arloen lanketak hizkuntzari hiztegi teknikoa, eta egitura desberdinak erantsiko dizkio.

“Hizkuntzaren bost trebezien ebaluazioa”

Beraz, Lardizabal Herri Eskolan, ikasleen hizkuntza erabilerari dagokionez, bost trebeziak lantzen eta ebaluatzen dira.

“Irakasleen arteko koordinazioa”

Hizkuntzakoak ez badira ere, hizkuntzak lantzeko irakasleen arteko koordinaziorik badago. Gure eskola txikia izateak klaustro osoaren arteko formazio saioak, elkarjartzeak, eta koordinazio bilerak egitea ahalbidetzen du.

“Hizkuntza gaitasunen lorpena”

Ikasleek, curriculumak deskribatzen dituen hizkuntza gaitasunak betetzen dituzte, normalean, arlo horietan. Hala ere, azken urteotan, herritarren migrazioak direla eta, eskolako hizkuntza mapa aldatu da, eta beraz, beti dugu haur talde bat curriculumak deskribatzen dituen hizkuntza gaitasunen egokitzapena behar izaten duena.

“Hizkuntza kalitatea: kezkak, gabeziak eta hobetzeko proposamenak”

Hizkuntza kalitatea dela-eta, kezkarik badago Lardizabal Ikastetxean. Maiz jartzen dira mahai gainean, hizkuntza desberdinetan gure ikasleek dituzten trebezia eta zailtasunak; eta horiek hobetze aldera, ordutegietan eta lan sisteman aldaketak egin ohi ditugu.

Horrela, eta Zaldibia herri euskalduna izanik, Lehen Hezkuntza bukaeran gaztelanian lortzen duten maila hobetze aldera, 4 urtetatik hasten dira gure ikasleak ahozkotasuna gaztelaniaz ere lantzen. Era berean, ingelesa 5 urtetatik lantzen hasiak gara. Eta euskara arloan, hobekuntza planean beti hartzen dugu itemen bat kontutan, azkenaldi honetan ahozkotasunari, eta adierazpenari  dagokionean.

Familiei dagokienean, euskara bultzatze aldera, euskaltegietara eta euskal ohituretara hurbiltzeko proposamenak luzatzen dizkiegu ikastetxetik.

Eta irakasleoi dagokigunez, hizkuntzako sakontze ikastaroak erabiltzen ditugu, IRALE, gure euskara maila hobetzeko. Gainera, irakasleon eskura dugu modu digitalean, karpeta bat non jasotzen diren Euskaltzaindiak argitaratutako arauak, eta edozein kezka argitzeko Euskaltzaindiarekin harremanetan jartzeko modua, besteak beste.

  1. 3.6 Hizkuntzen didaktika hizkuntza saioetan

“Hizkuntzen planteamendu metodologikoa”

Hizkuntza guztietan planteamendu metodologikoa komunikazioa bultzatze aldera bideratzen da. Komunikazioak egiten du erabilgarri hizkuntza, eta hau izango da abiapuntua Europar Markoak deskribatzen dituen bost trebeziak lantzeko.

“Koordinazioa eta adostasuna”

Hizkuntzak ikasteko eta irakasteko irakasleen koordinazioa derrigorrezkoa dela pentsatzen dugu, beraz, ziklo, GIT, batzorde pedagogiko,  eta beharren arabera antolatutako bilerek ahalbidetzen dute adostutako ezaugarri metodologikoak aurrera joatea.

“Europar Markoak deskribatzen dituen bost trebeziak: lanketa eta ebaluazioa”

Ikasleek, hizkuntza komunikazio-tresna gisa erabili ahal izateko, zer ikasi behar duten, deskribatzen du Europako Erreferentzia Markoak. Ikasleek zer ezagutza eta trebetasun eskuratu behar dituzten eraginkortasunez jarduteko. Deskribapen horrek hizkuntzaren beraren testuinguru kulturala ere hartzen du bere baitan.

Hau horrela, hiru hizkuntzetan ahozko nahiz idatzizko ulermena eta adierazpena, eta ahozko elkarreragina lantzen eta ebaluatzen dira; hizkuntza bakoitzaren lorpen mailaren arabera.

“Ahozkotasuna”

Hizkuntza komunikatzeko tresna eraginkorra izan dadin, ahozkotasunak leku garrantzitsua hartzen du gure helburuen artean. Ahozkotasuna da lehenengo urratsa hizkuntza ezagutzeko, eta ondoren irakurketa eta idazketan gaitasunak garatzeko.

“Curriculumak deskribatzen dituen hizkuntza gaitasunen lorpena”

Curriculumak deskribatzen dituen hizkuntza gaitasunak ongi betetzen ditu ikaslearen gehiengoak. Egia esan, esfortzu handia eskatzen du, bai eskolan eta baita etxean ere hiru hizkuntzetan gaitasun komunikatibo egokiak lortzea. Hala ere, baditugu arrazoi desberdinak direla eta (jatorria…), zailtasunak dituzten ikasleak, eta hauen hizkuntza gaitasunak garatzen laguntzeko esfortzu handia egiten da denon aldetik.

“Komunikazio proiektuetan oinarritutako metodologia eta Hizkuntzen Trataera Bateratua”

Hizkuntzen Trataera Bateratua abian jartzeko ahaleginak egiten ditugu. Horrela, euskara eta gaztelaniako gaiak, ingurunekoekin batera lotuak doaz, bata bestearen osagarri.

“Gabeziak eta hobetzeko erabakiak”

Ingelesaren egoera, gure herrian, erabat desberdina da. Ez da eskolatik kanpo entzun ere egiten, eta ingeleseko gaitasunak garatzeak zailtasun handiagoak ditu. Hala eta guztiz ere, koordinazio lana beti ematen da, eta ahal den momentuetan hizkuntzen arteko eragina aprobetxatzen da. Horren adibide: Lardizabal aldizkarirako testuen banaketa, hiru hizkuntzetan egiten da.