UDALAREN GARBIKETA PROTOKOLOA

Lardizabal Herri Eskola

GARBITZEKO ETA AIREZTATZEKO PROTOKOLO OROKORRA

 

Hau da Lardizabal Herri Eskolak eta Zaldibiako Udalak 2020-2021 ikasturterako ikastetxea garbitzeko eta desinfektatzeko adostutako protokoloa. Berau aplikatzen hastean, dagokion balorazioa eginda eta egokitzapen aukerak aztertuta eguneratuko da protokolo hau baita ikastetxeko zein herriko egoera epidemiologikoaren arabera ere.

 

ZALDIBIAKO UDALAREN BALIABIDEAK:

Zaldibiako Udala arduratuko da ikastetxearen garbiketa orokorraz, baita hau burutzeko baliabide materialak eskuratzeaz ere.

GIZA-BALIABIDEAK: Zaldibia herri txikia da eta Zaldibiako Udalak gaitasun ekonomiko mugatuak ditu. Hala ere, herriko mantenu eta garbiketa orokorraz arduratzen den udal kale-brigada 5 langilek osatzen dute, hauetatik 2 direlarik batez ere garbiketa lanetara bideratuak, nahiz eta guztiak eginkizun anitzetakoak izan.

Kurtso honetan, lanaldi osoko beste langile bat hartuko du Zaldibiako Udalak garbiketa taldea indartzeko egoerak hala behartuta.

DENBORA-BALIABIDEAK: eskolaren ohiko garbiketarako langile bat bi ordu eta erdiz eta beste bi langile ordu eta erdiz aritu izan dira astelehenetik ostiralera, beraz guztira astean 25-30 orduko dedikazioa da eskola garbitzeari ematen zaiona. Aurtengo kurtsoan ohiko garbiketa denbora luzatu egingo da eta hainbat garbiketa gehigarri egingo dira, gutxi gora-behera astean 40-45 ordu artean hartuko dituela aurreikusten dugularik.

BALIABIDE MATERIALAK: garbiketarako homologatutako materialak eskuratu beharko lituzke Udalak, baita papera, poltsak eta paper-ontziak ere. Ohiko gastuaz gainera diru gehiago bideratu behar da horretara eta Hezkuntza Sailak jarri ezean, Udalak bere gain hartu beharko du.

ESPAZIO-BALIABIDEAK: ikas-jarduerak aire zabalean egiteko gomendioari jarraiki, Zaldibiako Udalak hainbat espazio baliabide eskaini dizkio Lardizabal Herri Eskolari. Espazio hauek eskolarentzat gordetzeaz gainera, hauen mantenu eta desinfekzioa gauzatu beharko da.

 

Esan beharrik ez dago, Zaldibiako Udalak herriko ikastetxea leku seguru eta garbia izan dadin bere aldetik ahal duen guztia egingo badu ere, Hezkuntza Sailaren konpromisoa ezinbestekoa da. Baliabide guzti hauek bideratzeak Udalari suposatuko dion kargaz gain, herrian dauden beste behar askori erantzuteko gaitasunean ere eragingo du. 

 

GARBIKETA OROKORRA:

1. Erabilitako gelen eta eremu komun guztien (ikasgelak, pasilloak, irakasle-gela, zuzendaritza-gela…)  garbiketa egunean behin egingo da, goizero klaseak hasi aurretik (05:45etik 08:30era).  

2. Indartu egingo da garbiketa komunetan, goizeko ordutegian egunean bi aldiz garbituz (klaseak hasi baino lehen eta 11:00etan) eta goiz eta arratsaldeko ordutegian egunean 3 aldiz (klaseak hasi baino lehen, 11:00etan eta 13:30ean) garbituko direlarik.

Ikasle talde bakoitzarentzat komun bat izendatuko da eta komuna gelan dagoen kasuan, gelakoa erabiliko da.

3. Mahai, aulki, tresna eta lan-ekipoen gainazalak garbitzeko: gela guztietan desinfektante-pote bana eta erabili eta botatzeko papera jarri beharko lituzke Hezkuntza Sailak.

4. Orokorrean arreta berezia jarriko zaie erabilera komuneko guneei eta ukipen-azalera ohikoenei, hala nola ate, mahai, altzari, baranda, zoru, telefono, pertxa eta antzeko beste elementu batzuei.

5. Garbiketa-neurriak langileen gune pribatuetara ere zabalduko dira. Bertan, partekatutako lanpostuak garbitu eta desinfektatuko dira txanda aldaketa bakoitzean eta lanaldia amaitzean, garbiketa-produktuak eskura jarri beharko lituzke Hezkuntza Sailak, eta arreta berezia jarriko zaie altzariei eta manipulatu daitezkeen beste elementu batzuei, batez ere langile batek baino gehiagok erabiltzen dituenei. Erabilera partekatuko ordenagailu bat erabiltzen amaitzean, teklatuaren, saguaren eta pantailaren gainazala garbituko da, gel desinfektatzailearekin.

6. Prestatu berri den lixiba diluzioa (1:50) edo osasun-agintariek baimendutako eta erregistratutako birizida jarduera duten desinfektatzaileak erabiliko dira desinfektatzeko. Produktu horiek erabiltzean, beti errespetatuko dira etiketetan eta segurtasun-fitxan jasotako oharrak.

 7. Garbiketa bakoitzaren ondoren, erabilitako materialak eta babes-ekipoak modu seguruan botako dira, eta gero eskuak garbituko dira.

8. Paperontziak garbi daudela zainduko da.

 

 AIREZTAPENA:

 Instalazioetan maiz aireztatzeko lanak egingo dira:

  • Lanaldiaren hasieran, udal langileek garbiketa orokorra egin bitartean aireztatu egingo dituzte gelak.  
  • Ondoren, klaseen artean (atsedenaldian eta bazkal-orduan) eta amaitu ondoren, bost-hamar minutuz gela bakoitzeko irakasleak.
  • Gomendatzen da baldintza meteorologikoek ahalbidetzen dutenean, leihoak ahalik eta denbora gehien irekita edukitzea, baita gelako atea ere.

 

HONDAKINEN KUDEAKETA:

  • Berrerabileraren eta birziklapenaren baitako heziketaren barnean, ohiko moduan gaika sailkatuko dira ikasketa garaian zein atsedenaldietan sortzen diren hondakinak.  Zaldibiako Udaleko langileek erretiratuko dituzte egunero gela bakoitzetik.
  • Langileek eta ikasleek eskuak lehortzeko edo "arnas etiketa" betetzeko, papera eta hondakin ontzi berezitua jarriko da gela guztietan. Higiene pertsonaleko material oro (maskarak, latexezko eskularruak, etab.) ontzi horietan bota beharko da eta errefusa gisa tratatuko da.
  • Ikasle edo langile batek sintomak baditu ikastetxean dagoen bitartean, gela horretako  edukiontzia isolatu egingo da eta “berrogeialdian edo kutsatuta daudenen hondakinak kudeatzeko protokoloa” jarraituko dute udal langileek hau erretiratzeko.

 

BESTELAKOAK:

  • Ikastetxeaz gain, bestelako udal eraikinen garbiketa: Zaldibiako Udalak hainbat eraikin eta gune publiko eskaini dizkio Lardizabal Herri Eskolari gelatik eta ikastetxe eremutik kanpo klaseak emateko. Kasu hauetan, erabilera aurreko eta ondorengo garbiketa bermatzeko Lardizabal Eskolaren eta udal garbiketa taldearen arteko koordinazioa garatuko da, gutxienez 2 egun lehenago.
  • Resti Pilotalekuaren garbiketa egingo da egunero eta astean behin modu sakonean, baita bertan kokatutako komunean ere.
  • Aldagelak erabiltzeko aukera aztertu eta garbiketa antolatuko da hala behar balitz.

 

Ikastetxeko espazioak garbitzeko, desinfektatzeko eta aireztatzeko protokolo hau Hezkuntza Komunitate osoari helarazteaz gainera, garbiketa-zerbitzuko langile guztiekin landuko da, jarraibide egokiekin, eta kontingentzia-planean sartuko da. Sarreran aipatu bezala egoeraren arabera moldagarria izango da protokolo hau.