Nondik dator Zaldibiako ura?

Maiatzaren 11tik 16ra erakusketa ikusteko aukera izan zen Udaletxeko aretoan.

Eskola Agenda 2030 proiektuaren inguruan Uraren inguruko lanketa egin da Lardizabal eskolan.

Eskolako ikasle guztiak gai honen inguruko ikas-egoerak landu dituzte azken lau asteetan. Haur Hezkuntzako ikasleak urarekin esperimentatzen aritu dira. Gai ezberdinen inguruan hipotesiak egin eta ondoren frogak egin dituzte.

LH 1 eta LH2koak Zaldibiako urak bere sorlekutik gure etxeetaraino egiten duten ibilbidea ezagutu dute eta ondoren ibilbidea mapan markatu dute. Gai honen inguruko mahai jolas bat prestatu eta ipuin bat ere sortu dute. LH3koak aldiz, maketak egin dituzte urak Zaldibian egiten duen ibilbidea irudikatuz (Osinberde, kanala, depositoak, zentrala, Zaldibiako herria eta Legorretako araztegia)

4.mailakoek herriko iturrien katalogoa osatu dute. 11 iturri sartu dituzte katalogoan eta beste 3 ere badirela jabetu dira. Iturri batzuetan konponketa batzuk egin behar direla ohartu dira eta Udal ordezkariei jakinarazi diete.

LH5 eta LH6 mailakoek 2025eko ekainaren 13an herrian izandako uholdeen ondorioetako batzuk aztertu dituzte. Horretarako zenbait elkarrizketa egin dituzte eta hauek entzuteko aukera izan da erakusketan. Herriko uraren kalitatea aztertu dute eta Zaldibiako ura kalitate oso onekoa dela ondorioztatu dute.

Erakusketa irekita egon den astean ikasleak azalpenak ematen aritu dira. Talde batzuek beraien familiak gonbidatu dituzte, beste batzuek aldiz, eskolako ikasle gazteagoei azalpenak eman dizkiete. Eskolako ikasle ordezkariek Udal ordezkariei egin zieten aurkezpena.