Garai bateko bizimodua eta langintzak eskola-umeei erakusteko ekinean ari gara Beti-Gazte jubilatu elkartea eta Lardizabal herri eskolan. Saskigintza eta harigintza landu ditugu. Hona Goierriko Hitzak ekimenari buruz plazaratutako artilkulua.
Bi gonbidatu berezi izan zituzten atzo Zaldibiako Lardizabal herri eskolako LH5eko eta 6ko ikasleek: Manuel Labaka saskigilea eta Jesus Mendizabal Kaxkagorri artzain harigilea. 82 urtekoa bat, 93 sasoikorekin bestea; eta gaurko umeen begietarako, beste mundu batekoak diruditen gauzak egiten, beste garai bateko gaiekin: zumitzezko saskiak eta artilezko haria.
Lardizabal ikastetxean ikasturte osoan landu dute belaunaldien arteko transmisioa, garai bateko lanak eta ofizioak, eta galdu den bizimodu baten lekukotza. Beti-Gazte jubilatu elkartea dute ezinbesteko laguntzaile fidel horretan, Maria Dolores Aranburu idazkaria buru dela. Bi aldeentzat da onura harreman hori, ikasleentzat eta eskolarentzat ere bai, Eider Amundarain zuzendariak aitortu duenez.
«Transmisioa galtzen ari da. Langintza hauek gaur egun ez dira ikusi ere egiten. 2013an hasi ginen eskolarekin lanketan. Mantendu nahi da; nola bizi ziren ezagutu, behintzat», azaldu du Aranburuk. Beti-Gazteko bazkide gehiago inguratu dira.
Aurrean neska-mutiko saldoa begira duela ari da Mendizabal, artilea kardatzen. «Guri eskolan maisuak bizkarrekoak ematen zizkigun», erantzun du, gaurko eskola-umeei bezalaxe irakatsiko ziotela berari ere galdetutakoan. «Aitarekin ikasi nuen nik».
Balio ugari, saio bakarrean
Eskolarentzat aberasgarritzat jo du esperientzia Amundarainek. Aurten, gainera, eskola-orduetan sistematikoki hasi dira halako jarduerak egiten —orain arte, oporretan eta arratsaldeetan, herrian—. «Ume denek parte hartzen dute horrela. Bestela, askok ikusi ere ez lukete egingo. Gaurko bi taldeekin, ikastetxeko ikasle guztiek egin dute zerbait, aurten. Oso eskertuta gaude Beti-Gaztekoekin, antolatuta eta prest ekartzen digutelako dena».
Adin guztietakoek daukate egiteko moduko zerbait, garai batean baserrietan bezala. Haur Hezkuntzakoak, adibidez, artaburuak biltzera joan dira, aurten.
Galtzear den bizimodu baten aztarnak erakusteaz gain, beste balio batzuk ere barneratzen dituzte ikasleek, zuzendariak aipatu duenez. «Kultura, ondarea eta hizkuntza lantzen dituzte. Adinekoen euskara entzutea ere balio erantsia da».
Bestetik, zuzeneko hartu-emana eta jardueran partaide izatea ere lortzen dira: «Begiratzeaz gain, parte hartzen dute: tresnak erabili, gauzak ukitu…».
Isil-isilik, zumitza trentzatzen eta otartxo baten forma ematen jarraitzen du Labakak. Aita zuen saskigilea hark ere, Beizama jaioterrian. Zortzi senideek ikasi zuten harengandik. Bi eskulangileen ondora joateko boluntarioak eskatu ditu irakasleak; hamar-batek jaso dute hatza.
Jubilatuak ere gustura
Haurrak ezezik, Beti-Gaztekoek ere poza aurkitzen dute elkarrekin trukatzen dituzten saio ugaritan. «Umeekin ibiltzea da kontua, ahal den ondoena pasatzea lortu behar da. Euren amona sentitzen naiz. Guk ere gazteekin eta umeekin integratuta sentitu nahi dugu», dio Aranburuk.
Zazpigarren ikasturtea bukatzear da, baina ekimenarekin segitzekotan dira Beti-Gaztekoak eta Lardizabalekoak. Bien bitartean, ezereza ziruditen gauzekin, saskitxo polit bat eta hari zuri luzea atera dituzte Labakak eta Mendizabalek. Ahaztea komeni ez den beste eskola batean ikasi zuten artearekin.
Garia jotzea edo patata ereitea, curriculumean
Ezin pentsa ahala zeregin ikusi dituzte 2013tik Zaldibiako eskola-umeek, jubilatuen eskutik. Indaba eta artoa erein dute aurtengo ikasturtean (iazko uztailean). Jaso eta lehortzen uzteko zeregina 1. eta 2. mailakoek burutu zuten urrian. Ume txikienek artaburuak bildu zituzten, eta indabak aletu.Talo-festa ere egin zuten, martxoan.
Patata erein dute, udaberri honetan, 3. eta 4. mailakoek. «Orain jorratzea tokatzen da, baina arriskutsu samarra izan litekeenez, geuk egin beharko dugu», dio Aranburuk. Patata atera, lehortu eta jangelan jango dute, gero.
Urte batean, gariaren prozesu osoa burutu zuten: erein, ebaki, jo, eho, ogia egin…
Buruan beste langintza batzuk ere badarabiltzate Beti-Gaztekoek, aurrerantzerako. Uztailean buztina landuko dute, eta belar zuhatza ere egin nahiko lukete.
«Geure curriculum propioa osatzeko ezin hobeto datoz jarduera hauek», dio zuzendariak.
Goierriko Hitzako artikulua