Ikasturte amaierako Kantujira

Kantujira jendetsu batekin eman diogu amaiera kantujiren aurtengo edizioari.

Ikasturtean zehar hainbat kantujira egin ditugu eskolako ikasle eta irakasleek, herritar eta gurasoen parte hartzearekin. Zenbaitetan talde txikian aritu gara, bi maila desberdinetako ikasleak elkartuz. Beste batzuetan eskola guztia atera gara kantari, abenduak 3ko euskararen eguneko kantujiran edo martxoaren 25ean ospatu genuen kantujira koloretsuan, esaterako.

Atzo kantujiren aurtengo itzulia amaitu genuen. Herriko plazan elkartu ginen ikasle, irakasle, guraso eta herritar ugari eta doinu alaiez jantzi genuen Zaldibiako herria. Kalejiran joan ginen plazara, trikitixa eta atalabaren erritmoari jarraika. Benito Lertxundiren Loretxoa kantatuz ekin genion kantaldiari, eskolako ikasle musikari zenbaitek musika tresnekin lagundu zigutelarik, eta euri tantak ekarri genituen kantura giro beroa pixka bat frexkatu nahian. 80ko hamarkadara salto eginez Hertzainaken Aitormena kantatu genuen, zuzenean biolinaren hots goxoaz gozatzeko aukera izan genuelarik; hori bai pribilegioa gurea! Maketumeren erritmo dantzagarriekin eta Zea Maysen Elektrizitatea abestiarekin borobildu genuen saioa. Eta nola ez, Txoria txoriren doinuekin eman genion amaiera.

Kantatzen duen herria ez delako hilko, datorren ikasturtean gehiago.