“Euskara gara!” Korrika Txikia

Ederra izan da goizean 24.Korrikaren harira herrian zehar egin dugun Korrika Txikia.

 “Euskara gara” lelopean 11:30ean abiatu gara eskolatik eta aurtengoan ere lekukoa eskuz esku pasatu dugu adin guztietako ikasleen artean. Ibilbidearen amaieran, denok eskola atarian elkartu eta lekukoak zekarren mezua irakurri dugu. Aurtengoan, mezua Yolismar eta Nekanek ondu dute; AEK-k eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak lankidetzan antolatutako Ongi etorri euskarara ikastaroko protagonistek, alegia.
Honakoa zioen mezuak:

Euskara egiteko hautatu egin behar da.

Lekua hartu, plazan sartu.

Bazterretik erdira etorri.

Plaza erdira etorri eta lekuaz jabetu.

EUSKARA GARA.

Gora euskara, gora korrika eta gora AEK!

Ondoren, aurtengo edizioko koreografia dantzatu dugu elkarrekin.

Amaitzeko, gogoan izan martxoaren 19an Atharratzetik atera eta 29an Bilbon amaitzen den Korrika biharkoan (martxoak 28) Ordiziatik igaroko dela eta Lardizabal Herri Eskolako Familia Elkarteak Zaldibiako Udalarekin batera lekukoa eramango dugula 2982km-an.

Eta, gogoratu, euskara zubia da: elkar zaintzarako, justizia sozialerako eta kohesiorako tresna. Arnasa. Zaintzarako hizkuntza. Lardizabalen ere argi dugu: euskararen alde egiten jarraituko dugu, elkarrekin.

Ekitaldiko irudi eta bideo gehiago ikusi nahi izanez gero, hona hemen Goierriko Hitzan argitaratu den albistea: Zaldibiako Korrika Txikia iruditan