Ostiralean, urtarrilaren 16ean, amaiera eman genion azken asteetan landu dugun ikas egoerari “Zergatik da garrantzitsua baso zaintzea?”. Leku berezi batean eta gonbidatu bereziekin egin genuen: Etxaisko basora gonbidatu genituen gurasoak.
Etxaisko basorako bidegurutzean harrera egin ondoren familiek basoan zehar ibilaldi gidatu egin zuten. Ibilbide une bakoitzean ikasle talde bakoitzak zenbait azalpen eman zizkieten.
Hona hemen Etxaisko basoari buruz ikasitakoa:
2025eko abenduan Zaldibiako Etxais baserriko Felipe Garmendiari egindako elkarrizketatik jasotako informazioa
HISTORIA
Etxaisko basoa herentziaz jaso zuen Felipek. Bere aurrekoena zen, aiton amonena aurrena,, gurasoena ondoren , orain berea da eta gero bere semeena izango da.
Orain basoan dagoen lekuan lehen sagasti bat zegoen. Sagarrondoak hondatu zirenean ipar haritzak (“Quercus rubra”) landatu zituzten.
Etxaisko basoaren eremuak, 26.000 metro karratu inguru ditu, 2 hektarea eta erdi.
Basoari ezin zaio ezer egin 100 urtean, araua da, ezin da bota zuhaitzik. Orain dauden zuhaitzek 40 urte inguru dituzte. Feliperen aitak landatu zituen.
Felipek berak basoari beheko basoa deitzen dio, sagastia ere deitzen diote batzuetan, garai batean sagastia zelako.
BASOEN GARRANTZIA
Lehen inguru hauetan baso gutxiago zegoen, animalientzako larreak zeudelako. Baina orain baserriko animalia gutxiago dagoenez, ez bada zuhaitzik landatzen sasia eta larra hazten da. Zuhaitzak landatuta itzalarekin ez da sasirik hazten.
ETXAISKO BASOKO ZUHAITZAK
Feliperen zuhaitzik gustukoena hemen bertako haritza da (“Quercus Robur”) da bere izen zientifikoa. Ipar haritzak baino hosto txikiagoa eta borobilagoa du. Gainera basoarentzat ere hobea da.
Ipar haritzaren zainak zabaldu egiten dira, arinak dira, eta haizeak bota egiten ditu zuhaitz hauek. Bertako haritzaren zainak, ordea, beherantz joaten dira, eta lurrari eusten laguntzen dute, urak lurra ez eramateko.
Etxaisko baso guztian honako zuhaitz hauek daude: ipar haritza, bertako haritza goian, pagoa, altza erreka ondoan, akaziak, gaztainondoak, pinua, elorria, urkia, gorostia, urritzak… Baita beste hainbat landare ere: garoa, goroldioa…
ANIMALIAK
Baserriko animaliez gain inguru hauetan ibiltzen diren animaliak hauek dira: orkatzak, basurdeak, erbiak, azeriak, hontzak, azkonarrak, katagorriak, arratoiak, sugeak…
Baso honetan bizi ez diren arren baso inguruan ibiltzen diren animalia gehiago ere badira: zapelatzak, putreak, gabiroiak, arranoak… Basoaren gainetik pasatzen dira hegazti asko lurralde beroen bila hegoaldera doazenean: usoak, antzarrak, kurriloak, oilagorrak, ahateak…. Gehienak pasa bakarrik egiten dira, geldialdia egiten duten bakarrak usoak izaten dira, artoa jateko.
Etxaisko basoan, beste lekuetan bezala, katagorriak intxaurrak eta udazkeneko fruituak bildu eta gorde egiten ditu. Baina gero batzuetan ahaztu egiten zaio non gorde dituen.
TXABOLA
Txabola Feliperen aitonak egin zuen. Aspaldian behia erosten zutenean baserrira eraman aurretik txabola honetan edukitzen zuten, behiak ez zuela gaixotasunik ziurtatu arte. Gero baserrira eramaten zuten. Horretarako sortutako txabola da.
Txabolak ez du izenik, Etxaisko txabola esaten zaio. Gaur egun Felipek pixka bat txukundu du, egunen batean euria egingo balu eskolako ikasleak hor sartu ahal izateko, estalpea izateko
ERREKA
Errekaren bidea berezkoa da. Batzuetan handitu egiten da. 2025eko ekainean bikoiztu egin zuen. Erreka hau gero Amundarain errekara doa eta hortik gero Oria ibaira. Garai batean errekan karramarroak eta aingirak ere egoten ziren.
BASOA ETA ESKOLA
Felipek eskolari uzten dio basoa, ikaslek etortzeko. Tratu bat egin zuten. Dohainik uzten du Felipek, baina eskolak urtero opari bat egiten dio.
BASOAREN ZAINTZA
Basoa urtero garbitzen du Felipek. Ikasleak hor ibiltzeak ere laguntzen du sasia ez hazten. Felipe egunero joaten da basora.
Iruzkin bat idatzi
Iruzkinak