55.proposamena: Zerbait al dabil airean? Olerkia

Hementxe aurki dezakezu poema hainbat hizkutzetan: errumanieraz, marokoeraz, gazteleraz... Egin klik hemen.

 

Zer dabil airean hegan?

Zerbait ezezaguna?

Zergatik ez zaude eskolan?

Mintzatu nahi apur bat?

 

Birusak dauka korona,

eta ez da erregea,

ez eta ere pertsona:

zer arraio ote bera?

 

Harroputz txikitxo bat da,

benetan ñimiñoa,

ikusteko haren azala

behar mikroskopioa.

 

Txikerra da, pozoitsua

ez da gelditzen ahal:

sarkorra, gorrototsua

beti hona eta hara.

 

Arina da, gardena,

eta arriskuz betea,

gerlari bat bizi dena

jendearen barnean.

 

Baina jendea gara gu

eta nik, zuk, jende orok

modu ugari dauzkagu

purtzil hori uxatzeko.

 

Doministiku egitean,

egizu besaurrean:

zabal ez dadin airean

zital horren kaltea.

 

Etxera itzuliz gero,

garbitu eskuak di-da:

aldiro eta egunero,

orain, gero eta bihar.

 

 

Xaboi-urez garbituta,

luzaro eta arduraz,

birus txikitxo maltzurra

joanen da turrustan.

 

Adi ibili gurasoek

ere garbi ditzaten,

eta esaiezu adorez:

“Bikain ari zarete”.

 

Ez ukitu hatzez sudurra

begiak edo ahoa:

ez dago debekatua

baina hobe da hola.

 

Eta jendea ikustean

urruntxo zaitez manten,

pozik bizi gaitezke-eta

eskurik eman gabe.

 

Besarkadarik? musurik?

inori ez, inon ez,

zitala dugunez hurbil

geroko uztea hobe.

 

Maskara daramatenak

ez doaz inautera,

ez doaz zure etxera

zuri min ematera.

 

Babesten dute muturra,

eta aho osoa

galarazteko birusa

ibil dadin errondan.

 

Gaizkile hori han-hemen

dabilen bitartean

badakizu ni non naizen?

Goxo-goxo etxean.

 

Ez dago leku hoberik

itxi baitute eskola,

hura joan arte ihesi

etxea da abaroa.

 

Eta lagun-senideak?

Egon arren etxean

ikus ditzakezu denak

pantailei eskerrak.

 

Elkar maitatzen dutenek

urruti daudelarik

musu-besarkaden ordez

hitzak dituzte ugari.

 

Opariak dira hitzak,

bidal daitezke erraz,

hazi ederrak bailiran

maite ditugunentzat.

 

Nik, zuk, denok bat eginez

tentuz eta arretaz,

garaituko dugu zinez

gaizkin lotsagabea.

 

Eta ataka gaindituta

agian ohartuko gara

batera sor ahal dugula

 

Bizi berri zuhur bat.


Iruzkin bat idatzi

* eremuak nahitaezkoak dira


Iruzkinak